XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Adin guztietako soinujolariak.

Komenioa izenpetu eta Seaskak lortu duen ofizialtasunak animo berriak zabaldu ditu Iparraldean eta atzoko Herri Urrats ez zen izan eskualde hortako ikastolak indartuz doazen seinale baizik.

Eratzaileen esanetara, 60.000 lagun inguru bildu zen lakuaren bueltan eta edonork ikus zezakeen aurreko urteetatik partaidetza horrek izan duen gorakada.

Seaskakoak komentziturik daude etapa berri baten atarian daudela eta arrakasta berri honen ondoren datorren urteko edizioaren kokagunea aztertzen hasiko dira, Uztaritze eta Donibane Lohizune ere leku posible bezala erabiliz.

Mugan baino auto erreskada haundiagoak atzo Senpereko lakuaren sarreran.

Hirurogei mila pertsona ingururen sarbidea kontrolatu zuten antolatzaileek Herri Urrats-en. Joxean AGIRRE, Senpere.

Goizeko hamarretatik aurrera euririk egin ez baizuen ere, broma gaiztoa egin zien bezperako trumoiak Herri Urrats antolatzen ari zirenei.

Parking bezala prestaturik zituzten zelai zenbait autoak sartzeko moduan ez zirela jarri zizkien eta inguruko bide bazterretan utzi beharrean aurkitu ziren berandu samar ibili ziren bisitariak.

Mugako pasabidea inoiz baino arinagoa izan bazen ere, Senpereko lakura iristeko sekulako auto erreskadak sortu ziren eta ordubete eta gehiago galdu zuen jendeak eguerdiartean autoa utzi eta oinez festalekura iristen.

Hala ere atzoko egunak ondo enpaztu zituen jendeak hartu zituen molestia guzti horiek sekulako giroa egin baitzen egun osoan zehar.

Seaskak bizi duen etapa berriaren seinale, auzapez eta hautetsien bileran ere aurrekoetan ez bezalako partaidetza eman zen, berrogeita hamarren bat hautetsi.

60.000 lagun Euriak ez digu eguna hondatu.

Aurretik iragarri genuen bezala, eguraldi oso ona egin du goizeko hamarretatik aurrera, baina bezperako euriak parking bezala prestaturik genituen zelairen bat edo beste erabiltzeko ez direla utzi ditu eta horregatik sortu dira ataskoak, esplikatu zuen Gexan Lantzirik.

Senpereko lakuari buelta bat emateko usadioa duen jendeak, lakura baino lehen bospasei kilometro egin beharrean aurkitu zen, baina nekeak neke, oso jende gutxi geratuko zen zirkuito paregabe horri itzuli bat edo beste eman gabe.

Aurreko urteetan bezalaxe, eguerdiko ordu batak aldean bildu zen jendetzarik gehien lakuaren bueltan.

Presoen aldeko manifestazio batek ere eman zion itzuli bat zirkuitoari eta Hegoaldeko nahiz Iparraldeko agintariak ere hurbildu ziren Senperera.

Hegoaldetik etorri ziren politikoen artetik Gipuzkoako Diputaziokoak aipatuko genituzke.

Imanol Murua diputatu-burua ere etorri da 600.000 pezetako taloi bat ekarri du, esan zuten Seaskako arduradunek.

Hala ere, erakundeen aldetik atzoko eman ziren presentzia artetik aipagarrienak Iparraldeko auzapez eta kontzejaleak dira.

Donibane Lohizune, Senpere, Ezpeleta, Ostanko eta Amendozeko alkateak izan ziren Herri Urrats-en eta beste berrogeiren bat kontzejal.

Seaskari laguntza ematea oraindik piska bat gogorra iruditzen zaie alkate askori eta ordezkariak bidaltzen dituzte, baina gauzak aldatzen ari direla esan nahi du horrek.

Guretzako oso inportantea da eskualde mailako erakundeen oneritzia eta udalena ere bai, zer esanik ez, herri bakoitzean ikastola bat sortu eta indartzeko udalaren laguntza ezin bestekoa baita.

Auzapez eta kontzejal hauen presentziak jendeak dituen aurreritziak uxatzeko urrats haundi bat eta poliki poliki Seaskaren oinarria zabalduz joango dela esan nahi du horrek, esan zuten Seaskako ordezkariek.

Zirkuito horretan zehar egun osoan burutu ziren egitarauez gainera erakusketa finko batzuk egon ziren.

Hogeitahamarren bat artesauk eta 24 pintatzailek egin zutena da aipagarriena.

Horietatik erdiak Hegoaldekoak eta beste erdiak Iparraldekoak ziren.

Zaila da datu zehatzik ematea, baina 5.000 elastiko eta 5.000 txapel saldu dira eguerdirako; iazko baino dezente azkarrago.

Mila kilo zikiro prestatu dira eta azkar eraman ditu jendeak eta 700 kilo solomo eta hor ere oso labur geratu gara.

Hamar mila kafe, 8.000 boteila sagardo, 8.000 garagardo eta beste hainbat datu eman daitezke, baina ez dira jende asko izan den adierazpen baizik.

Jendetza neurtzeko erabili dugu datu zehatzena sarreretako kontrola izan da eta gure lehen kalkuloen arabera, 60.000 pertsona etorri dela esan dezakegu, iaz baino dezentez gehiago, seinalatu zuten Seaskakoek eta ez zegoen bazterretara begiratu besterik, iazko edizioan hutsuneak nabarmentzen ziren lekuetan, hiru area nagusietan, aurten jendea bete-betean baitzen.

Mugan arinago Herri Urrats-ek bi parte nabarmen izaten ditu Hegoaldetik doazenentzat: goizean autopistako asfalto gainean egiten diren orduak, batetik eta arratsaldean Senpereko belar gainean egiten direnak bestaldetik.

Aurtengoan ez da mugan hainbeste sufritu beharrik izan; kontrol zehatz samarrak egin baziren ere, nabarmena bi aldetako poliziek gauzak arintzeko erakutsi zuten borondatea, ohizko karrilez gainera bosgarren bat ere jarri baitzuten autopistan pasabidea azkartzeko.

Eguerdi aldean, hala ere, ordubete inguru itxoin behar izan zen bide hori egiteko eta Dantzarineatik eta beste zenbait mugatatik pasatu zirenek ziotenez, leku horietan oraindik zailagoa izan zen pasatzea.

Muga gainditu eta Senperera azkar iritsiko zirela uste zirenak, ordea, oker zeuden, Senpere baino seizazpiren bat kilometro lehenago hasi baitziren auto erreskadak.

Jende gaztea Bezperatik Saran egin zen dantzaldiak nahiz lakuaren inguruan egindako akanpadak oso erantzun ona izan zuten eta aurrera begira ere akanpada hori errepikatzekotan geratu dira jendetzaren adinari buruz esan daitekeena horixe da, gero eta jende gazte gehiagok jotzen duela Senperera.

Eguerdiko ekitaldietan ez ezik, arratsalde bukaerako dantzaldian ere jendea erruz bildu zen, erdiguneko area erabat gainez eginez.

Aurtengo arrakastaren buruan Seaskakoek eskuartean dituzten alternatibak estudiatzen hasi beharko dute datorren urteari begira.

Aditzera eman dutenez, Hendaia eta Uztaritze izan daitezke hurrengo Herri Urrats-en zitak, baina erabaki hori hilaren bukaerarako hartuko dute.